segunda-feira, 28 de novembro de 2011

Irakurtzeko artea



Dirudiena baino askoz zailagoa da. Ez testu bat irakurtzea, besterik gabe, hori edozeinek egin dezake, baina bai testu hori ondo irakurtzea. Trabatu gabe, pausak ondo neurtuz, entonazio egokia emanez, indarra erantsiz edo kenduz komeni dan zatiari...

Nolabait definitzearren, zer dan ondo irakurtzea:

entzuten ari zerana irakurtzen ari diren ala ez sumatu ezin dezunean. Hori da.

Eta, batzuetan, ondo irakurrita ere, kamuts. Maiz tokatzen baita, telebistan gutxiago, baina irratian sarritan, medio horretarako moldatuta ez dauden testuak entzun beharra. Idatzi batzuk, beharbela jaso arte, bi edo hiru aldiz orraztu beharra eskatzen dute. Baina hor irakurtzen dizkizute, zeu konputagailu bat bazina bezela.

Akaso neu, batazbestekoaren azpitik dabilena? Hori izango da.


Arte bat da ondo irakurtzea. Eta artista batekin topo egiten dezunean, orduantxe gozamena.


Hemendik hartua

quinta-feira, 24 de novembro de 2011

Ahozkotik idatzizkora



Jose Felix Azurmendi, nere solaskide gogokoenetakoa da Arratsaldero saioan, gogokoena ez bada. Asko daki. Hizketan, aparta. Zorrotza, eta indar haundikoa.

Eta idatziz? Argiako artikulu hau irakurri nuen hauteskunde bezperan. Han ez dago, hizketan erabiltzen duen indarrik. Ez keinuen-isiluneen-ahotsaren lagungarririk.

Eta hala ere, idatzizko mezua, ahozkoa baino praktikoagoa da ia beti: 1. Begi kolpe pare batean testua ikusi eta interesgarria dan-ez dan erabakitzeko modua. 2. Pusketaren bat ulertu gabe geratu bazera, edo ezer gogoratu nahi badezu, atzera, nahi dan tokitik berriz errez hasteko modua 3. Azken paragrafora (garrantzitsuena beti azken paragrafoan etorri ohi da) errez salto egiteko modua. Idatzizko komunikazioa, askoz "nabigaerrezagoa" da, ahozko komunikazioa baino.

(Joxe Felixek ez zuen asmatu, artikulu honetan. Emaitzak bikainak izan ziren euskal nazionalistentzat, eta Nafarroan, bi proposamen izatea ere, positiboa, emaitzak ikusita... Bueno, azken hau nere irudipena da. Ikusiko da!)

Mikel Asurmendik Argian hari egindako elkarrizketa bat, duela bi urtekoa, hemen

____

sábado, 19 de novembro de 2011

Elkarrizketatuak lasai

Tarteka hitzetik hortzera saioari egiten diot kosk, eta hor egoten naiz begira. Ez bertsoak gustatzen zaizkidalako batipat, Jon Artanoren lana gustatuta baizik. Lortzen du, plato txiki horretan, halako patxada bat elkarrizketatuekin. Lasai egoten dira berarekin. Berezkoa duen bixitasunak ere lagunduko dio, zalantza izpirik gabe.

Esango nuke, derrigorra dala elkarrizketatzailea gustora egotea, gonbidatua lasai egongo bada, eta Artanok lortzen du hori. Ez dakit beti, baina ni parean harrapatu nauen guztietan bai behintzat!


terça-feira, 15 de novembro de 2011

18 añitos

Pajaro galantak, Urretxuko jatetxe txinatarrekoak. 



Kartela, Din A-4 zuri triste bat. Baina bai izenburu deigarria. "18 añitos". Nere artean: aiba, kontaktuen publizitatea kalera iritsi al da? Zer da?

Hemezortzi urte jatetxe txinatarra zabaldu zutela, eta publizitatea, ez dakit zer egunetatik ze egunetara, edariak debalde direla. 

Makina bat kartel ikusiko ditugu, askozaz ere landuagoak, koloretsuagoak... Eta ikusezinak!

Hau irakurtzera, hirutik bi geratzen zan behintzat!

____

segunda-feira, 7 de novembro de 2011

Zenbat zutabe?

Web-gune batzuetan, pare bat baino ez, eta beste batzuk, alkandora marraduna dirudite.


Zutabe estu-estuak. 

Deigarria da, web-gune batzuetan zutabe zabal-zabalak aukeratzen dituzten bitartean, beste batzuetan justu kontrakoa aukeratzea. 

Diseinu irizpide garrantzi-gabekoak?

Zer da hobea begientzat?

_____ 

quinta-feira, 3 de novembro de 2011

Diseinu arazoak

Komunikazioan ere ematen dira diseinu arazo larriak. Bai, oso polita bai, baina guztiz desegokia. Sortu dan horretarako balio ez duena, nahiz itxuraz dotore-dotorea izan.

Joxe Aranzabalek inpresio hori jaso du behintzat Elorrion, herria ezagutzeko bisita gidatuan.













"...Laster aspertu ginen, oso testu barroko eta floriturrez beteak entzuten ari baikinen, hainbeste ze oso erraza zen deskonektatzea eta huts egitea xehetasun inportanteren bat. Jatorrismo kostunbrista gehiegi, atsotitz mordoarekin hornituta. Aldiz, informazio esanguratsu gutxi..."

____

terça-feira, 1 de novembro de 2011

Sálvame (I)

Atzo Sálvame oso bat irentsi nuen, eta hor egon nintzen, zer ikasko, begira-begira, adi-adi. Holako audientzia ikusgarriak izateko, zerbait izan behar du ona. Ona edo, betegarria behintzat.

Hiru miloi ikusle, hortik gora batzuetan, sei miloi. Esaten dutenez, Euskal-Herrian zale gehien. Nola leike?




Ikus-entzuleak zer eskatzen duen, hori eman behar zaiola eta, ea hori dan gakoetako bat: ikusleari bere burua ikustea gustatzen zaiola telebistan. Ez miretsi beharreko norbait, dohai ikusgarriak dituen norbait, artista bat, adimen haundiko bat... Baizik eta bere mailan dagoen bat. Kaleko edozein.

Sálvamen protagonista izateko, ez da askorik behar. Ez da ezer behar. Eta hain zuzen, ikaragarria da, nola inolako dohairik ez duen norbait, bihurtzen dan hiru, edo sei miloi pertsonentzako, protagonista bakar. Ordubetez hartaz hizketan etenik gabe.

Ikusleak bere burua ikusten du harengan, garrantzitsu, boteretsu, eta ondo sentitzen da.

Hori ote?

_____

quinta-feira, 27 de outubro de 2011

Mahaia ala butaka?

Gaur, "Arratsalderon", Alex Txikon iazko denboraldian platoan zuten mahaiarekin gogoratu da.



Esan du, babestuago sentitzen zala mahaiaren atzean. Eta, nola ez ba, arrazoi osoa du. Mahaiaren atzean erosoago senti daiteke bat, eta bere hizjarioak lasaitasunean irabazi. Baina, arratsaldeko tertulia informal bat, ondo josten al da mahai baten atzean "ezkutaturiko" lagun batzuekin? Nere ustetan behintzat ez. Denboraldi honetako butakak, askoz egokiagoak dira.

Atentzioa ematen didana, hasiera-hasieratik, beste kontu bat da: Estitxu eta Oihanen butaken nagusitasuna. Fijatu zaitezte, besteenak baino askoz altuagoak dira.


________

quarta-feira, 26 de outubro de 2011

Naturaltasuna

Behin ikusi, eta nahikoa. Betirako balio du. Badaukanak, badauka.

Mutelebistako Itziar Irizar, adibide gisa:


terça-feira, 25 de outubro de 2011

Otamendi - Gabilondo

Intuizioa esaten diogu, baina akaso, beste zerbait da: hitzezkoak ez diren zeinuak dekodifikatzeko ahalmena.

Erabiltzen ditugun keinuak ez dira debaldekoak. Guztiek esanahi bat dute, eta hauek irakurtzen dakienak, egiaren informazio osatuagoa jasoko du.

Nik ez dakit halakorik egiten, zoritxarrez, baina saiatu, saiatzen naiz, hitzezkoa ez dan informazioa interpretatzen.

Martxelo Otamendiren bideo honetan, adibidez...






Asko esaten dit bere besoen hizkuntzak. Geldi besoak, hasieran. Hitzaldiaren zati konkretu batean ordea, gurutzatu egiten ditu. Defentsan jartzen da. Ez da harritzekoa, esaten ari dana kontutan hartuta. Eta gero, fede haundiz mugitzen ditu, eta satisfazioz ere bai, eskuak igurtzitzeak ez du zalantzarik uzten. Martxelo pozik dago, ez du gezurrik esaten.

Martxelo Otamendiri, harrapa dakioke, bere hitzez gain, informazio gehiago.

Iñaki Gabilondori aldiz, nekez.

Ez bulego itxi batean, Otamendik bezela. Gela zabal eta argitsu batean. Ondo jantzita gizona…






Baina txotxongilo hutsa, ipurditik makil bat sartuta daukala dirudi. Ez ditu besoak mugitzen, eta ez zaizkio eskuak ikusten. Ez bideo honetan, ez beste batzuetan.

Gezurretan ari bada, zaila, gizonari harrapatzen.

____

segunda-feira, 24 de outubro de 2011

Kontrapikatua





Kamara baten aurrean jartzea erreza da. Nahi dan emaitza lortzea, zeozer zailagoa. Hemen oso behetik gorako planoa aukeratu zuen Pello Urzelaik bideo hau egiten jarri zanean. Efektua, jakina da: berak garrantzi haundia hartzen du, eta ikuslea txiki, oso txiki sentitzen da.

Horri gehitzen badiogu, gelak zeukan argi exkaxa + txaketa beltza-polo beltza-ile beltza-betaurreko beltzak + mikrofonoa aurkitu ez zuenez gizonak, kapilla baten barruan dagoela dirudiela…

- Arkaiiiiiitz!!! Zeuk ikusi! Edo baina-patatak jaten dituzu, edo Pello Urzelairen aurrean jartzen zaitut berriz!!!

- Eeeeeeezzzzz, eeeeeeeez amaaaaaa, jango dituuuuuuuut, jango dituuuuutt!!!!!!

Baiii, bai. Pittin bat esajeratu det, baina esanahia ondo har diezadazuen izan da.

A, Pellok arrazoi du. Aieteko konferentzia mugarri bat izan da, eta irtenbideak integrala behar du, bai jauna.

____

domingo, 23 de outubro de 2011

Donostia parte-hartzailea: gabonetako arbola




Gara.net eta Berria.info-tik kendu dute, baina hor segitzen du Argia.com webgunean, bertako edukia inguratzen duen marko hiperaktiboa. Animazio gehiago ezin zuten ipini "Donostia partehartzailea" gif-animatuaren egileek: letrak azaldu eta ezkutatu; letrak gora, behera, ezker, eskubi… Preserbatiboen kanpaina bat al da? Ez ez, pertsonak dira. Gabonetako arbola dirudi, argiak piztu eta itzali.

Argia.com-en kasuan, hor nahasten da gainera, Donostiako udalaren animazioa @EuskaraAlbiste eta Argiaren logoaren ondoko beste iragarki-gif-animatuekin. Elektrokutagarria.

Gure begiak ohituta daude holakoetara, ala nahi gabe urduri jatzen gaitu tamainako mugimenduak? Gehiegizkoa da, ala neu sentiberegia?

Neri desatsegina gertatzen zait behintzat. Mugimendua propio bilatzen da, begiak, nahi gabe, bertara abia daitezen, baina distrakzioa etengabea da.

Hemen daukazue efektu haunditua: egon minutu bat honi begira, ea urduritzen zeraten ala ez.

____

sexta-feira, 21 de outubro de 2011

Pen drive

Aukera orijinala, Berriakoena. ETAk armak utzi dituela iragarri, eta, euskarriari eman dio garrantzia. Nere lankide batekin gogoratu naiz: gaur goizean lau egunkari erosi ditu, eguna ondo gogoratzeko, eta horixe litzateke zentzua: "pen drive honetan jaso genuen agiria". Momentu historikoa gogoratzeko, zerbait deigarria behar degu.

Beste azal batzuk seguru ahaztu egingo ditugula. Pen drivearena, kostata.

Ni pixkat txunditu nau, eta hain zuzen horregatik, gustatu zait.




Sustatun, azalen inguruko beste batzuk.

____