segunda-feira, 28 de novembro de 2011

Irakurtzeko artea



Dirudiena baino askoz zailagoa da. Ez testu bat irakurtzea, besterik gabe, hori edozeinek egin dezake, baina bai testu hori ondo irakurtzea. Trabatu gabe, pausak ondo neurtuz, entonazio egokia emanez, indarra erantsiz edo kenduz komeni dan zatiari...

Nolabait definitzearren, zer dan ondo irakurtzea:

entzuten ari zerana irakurtzen ari diren ala ez sumatu ezin dezunean. Hori da.

Eta, batzuetan, ondo irakurrita ere, kamuts. Maiz tokatzen baita, telebistan gutxiago, baina irratian sarritan, medio horretarako moldatuta ez dauden testuak entzun beharra. Idatzi batzuk, beharbela jaso arte, bi edo hiru aldiz orraztu beharra eskatzen dute. Baina hor irakurtzen dizkizute, zeu konputagailu bat bazina bezela.

Akaso neu, batazbestekoaren azpitik dabilena? Hori izango da.


Arte bat da ondo irakurtzea. Eta artista batekin topo egiten dezunean, orduantxe gozamena.


Hemendik hartua

quinta-feira, 24 de novembro de 2011

Ahozkotik idatzizkora



Jose Felix Azurmendi, nere solaskide gogokoenetakoa da Arratsaldero saioan, gogokoena ez bada. Asko daki. Hizketan, aparta. Zorrotza, eta indar haundikoa.

Eta idatziz? Argiako artikulu hau irakurri nuen hauteskunde bezperan. Han ez dago, hizketan erabiltzen duen indarrik. Ez keinuen-isiluneen-ahotsaren lagungarririk.

Eta hala ere, idatzizko mezua, ahozkoa baino praktikoagoa da ia beti: 1. Begi kolpe pare batean testua ikusi eta interesgarria dan-ez dan erabakitzeko modua. 2. Pusketaren bat ulertu gabe geratu bazera, edo ezer gogoratu nahi badezu, atzera, nahi dan tokitik berriz errez hasteko modua 3. Azken paragrafora (garrantzitsuena beti azken paragrafoan etorri ohi da) errez salto egiteko modua. Idatzizko komunikazioa, askoz "nabigaerrezagoa" da, ahozko komunikazioa baino.

(Joxe Felixek ez zuen asmatu, artikulu honetan. Emaitzak bikainak izan ziren euskal nazionalistentzat, eta Nafarroan, bi proposamen izatea ere, positiboa, emaitzak ikusita... Bueno, azken hau nere irudipena da. Ikusiko da!)

Mikel Asurmendik Argian hari egindako elkarrizketa bat, duela bi urtekoa, hemen

____

sábado, 19 de novembro de 2011

Elkarrizketatuak lasai

Tarteka hitzetik hortzera saioari egiten diot kosk, eta hor egoten naiz begira. Ez bertsoak gustatzen zaizkidalako batipat, Jon Artanoren lana gustatuta baizik. Lortzen du, plato txiki horretan, halako patxada bat elkarrizketatuekin. Lasai egoten dira berarekin. Berezkoa duen bixitasunak ere lagunduko dio, zalantza izpirik gabe.

Esango nuke, derrigorra dala elkarrizketatzailea gustora egotea, gonbidatua lasai egongo bada, eta Artanok lortzen du hori. Ez dakit beti, baina ni parean harrapatu nauen guztietan bai behintzat!


terça-feira, 15 de novembro de 2011

18 añitos

Pajaro galantak, Urretxuko jatetxe txinatarrekoak. 



Kartela, Din A-4 zuri triste bat. Baina bai izenburu deigarria. "18 añitos". Nere artean: aiba, kontaktuen publizitatea kalera iritsi al da? Zer da?

Hemezortzi urte jatetxe txinatarra zabaldu zutela, eta publizitatea, ez dakit zer egunetatik ze egunetara, edariak debalde direla. 

Makina bat kartel ikusiko ditugu, askozaz ere landuagoak, koloretsuagoak... Eta ikusezinak!

Hau irakurtzera, hirutik bi geratzen zan behintzat!

____

segunda-feira, 7 de novembro de 2011

Zenbat zutabe?

Web-gune batzuetan, pare bat baino ez, eta beste batzuk, alkandora marraduna dirudite.


Zutabe estu-estuak. 

Deigarria da, web-gune batzuetan zutabe zabal-zabalak aukeratzen dituzten bitartean, beste batzuetan justu kontrakoa aukeratzea. 

Diseinu irizpide garrantzi-gabekoak?

Zer da hobea begientzat?

_____ 

quinta-feira, 3 de novembro de 2011

Diseinu arazoak

Komunikazioan ere ematen dira diseinu arazo larriak. Bai, oso polita bai, baina guztiz desegokia. Sortu dan horretarako balio ez duena, nahiz itxuraz dotore-dotorea izan.

Joxe Aranzabalek inpresio hori jaso du behintzat Elorrion, herria ezagutzeko bisita gidatuan.













"...Laster aspertu ginen, oso testu barroko eta floriturrez beteak entzuten ari baikinen, hainbeste ze oso erraza zen deskonektatzea eta huts egitea xehetasun inportanteren bat. Jatorrismo kostunbrista gehiegi, atsotitz mordoarekin hornituta. Aldiz, informazio esanguratsu gutxi..."

____

terça-feira, 1 de novembro de 2011

Sálvame (I)

Atzo Sálvame oso bat irentsi nuen, eta hor egon nintzen, zer ikasko, begira-begira, adi-adi. Holako audientzia ikusgarriak izateko, zerbait izan behar du ona. Ona edo, betegarria behintzat.

Hiru miloi ikusle, hortik gora batzuetan, sei miloi. Esaten dutenez, Euskal-Herrian zale gehien. Nola leike?




Ikus-entzuleak zer eskatzen duen, hori eman behar zaiola eta, ea hori dan gakoetako bat: ikusleari bere burua ikustea gustatzen zaiola telebistan. Ez miretsi beharreko norbait, dohai ikusgarriak dituen norbait, artista bat, adimen haundiko bat... Baizik eta bere mailan dagoen bat. Kaleko edozein.

Sálvamen protagonista izateko, ez da askorik behar. Ez da ezer behar. Eta hain zuzen, ikaragarria da, nola inolako dohairik ez duen norbait, bihurtzen dan hiru, edo sei miloi pertsonentzako, protagonista bakar. Ordubetez hartaz hizketan etenik gabe.

Ikusleak bere burua ikusten du harengan, garrantzitsu, boteretsu, eta ondo sentitzen da.

Hori ote?

_____